Prensa y publicaciones | Notas de prensa | MERCABILBAOK 2020AN DATU HISTORIKOAK LORTZEA AURREIKUSTEN DU, ABENDU HONETAN 22.000 TONA MERKATURATUZ

MERCABILBAOK 2020AN DATU HISTORIKOAK LORTZEA AURREIKUSTEN DU, ABENDU HONETAN 22.000 TONA MERKATURATUZ

“Gailurrera ez gara iristen besteak gaindituz, geure burua gaindituz baizik”. Mercabilbaok bere egin du Henry Forden esaldi hori; izan ere, merkaturatzeari buruzko datu historikoak lortzea aurreikusten du, “auzoko” fruta-dendetan fruta eta barazkien salmentan 2020. urtean daramagun goranzko joerari esker. Hala, ezohiko Gabon batzuen bezperan, Covid-19ak munduko komunitate osoa alarma egoeran duen une honetan, abenduan 22.000 tona merkaturatuko direla kalkulatzen da, hau da, urteko salmentaren % 10 baino gehiago.

Gaur goizean, Mercabilbaoko pabilioietan  lan gehien egiten den egunetako batean, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak instalazioak bisitatu ditu, Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendari nagusiarekin batera, produktuak saltokietara garaiz eta euren puntuan irits daitezen handizkako enpresek eta txikizkariek eguneko lehen orduetan egiten duten lana zuzenean ezagutzeko.

Elikagaien Unitatean lan egiten duten handizkako enpresak erritmo onean eta pandemia hasi zenetik ezarritako osasun neurri guztiak betez ari dira salmentei eusten. Ildo horretan, sektoreka, arrainen eta itsaskien sektorean 3.000 tona inguru merkaturatzea aurreikusten da, hau da, urteko merkaturatzearen % 14 inguru. Gehien eskatzen den produktua legatza da, eta bere atzetik oilarra eta txitxarroa.

Fruten eta ortuarien merkatuaren kasuan, 2020ko azken hilabete honetarako aurreikusten diren zifrak 19.000 tonakoak dira, hau da, urteko salmenten % 8 inguru. Datu historikoa da, eta kontsumitzaileen ohitura aldaketak eragin du: “jasaten ari garen mundu mailako osasun krisian, gero eta gehiago joaten gara gertuko fruta-dendetara berme onenak eskaintzen dituzten eta Mercabilbaoren kalitate zigilua duten produktuen bila”, adierazi du Aitor Argotek. Gehien eskatzen diren produktuak laranjak, platanoak eta sagarrak dira, eta baita Gabonetan ohikoak diren anana eta mahatsa ere.

“Arrainen eta itsaskien handizkariek urteko fakturazio osoaren % 16 inguru izaten dute hilabete honetan, eta joera hori indartu egiten da Gabonak hurbildu ahala”, adierazi du hornidura zentroko zuzendari nagusiak. Datu horrek, modu berean, itsas pabiloia du ardatz, goizeko jardueraren intentsitate handiagoaren erreferente gisa.

Bermatutako produktuen salmenta

“Elikadura unitateak normaltasunez funtzionatzen jarraitzen du, eta eskaintza zabala du Fruten eta Ortuarien eta Arrainen eta Itsaskien merkatuetan, merkaturatze erritmo onari eutsiz, egungo egoera zaila den arren. Osasun premia berriei azkar erantzun diegu hasieratik, eta, horri esker, Elikagai Unitatean elikagaien salmentak ez du ondorio negatiborik jasan”, adierazi du Aitor Argotek. Horrela, Mercabilbaok badaki enpresa txikizkariek eragozpenak izan dituztela euren instalazioetan edukiera kontrolatzeko edo salerosketa denbora murrizteko operatiboak aplikatzeko orduan, eta horregatik “benetan eskertzen dugu erakutsi duten pazientzia eta guztion osasuna zaintzeko eta produktuak gure etxeetara berme osoz iristeko helburu nagusiarekin osasun segurtasuneko neurri guztiak betetzeko izan duten jarrera, bai hemen, bai euren saltokietan”, gaineratu du Argotek.

Datozen asteei begira jarrita, “egoera honetan ostalaritzako jarduera zelan gauzatuko den zain gaude, baina oraingoz, itsasoko produktuen sektorean, salmenta ona izaten ari da, batez ere, arrain freskoaren eta izoztuaren salmenta handitu delako gertuko arraindegietan. Martxotik lehen baino gehiago kontsumitzen dugu gure etxeetan, eta, ondorioz, sektore horrek salmentei eutsi ahal izan die, nahiz eta ostalaritza itxi”, azaldu du Aitor Argotek.

Lurreko produktuen kasuan, azken hilabeteetan salmentak gora egin du eta “Gabonetan bide beretik jarraituko duela aurreikusten dugu. Gure auzoetako fruta-dendak, erostera gero eta gehiago joaten garen saltokiak bihurtu dira”, gehitu du Argotek.

Ez dago zalantzarik. Mercabilbaok % 100ean bermatzen du elikagaien banaketa, kalitatezko produktu fresko eta zaporetsuekin. “Gabonetan egun horietako produkturik ohikoenak kontsumitu ahal izango ditugu, talde txikietan ziurrenik, baina mahai gainean ez zaizkigu elikagaiak faltako”, adierazi du zuzendari nagusiak.

 

Elikadura segurtasuna eta osasun kolektiboa

Mercabilbaok Basauriko instalazioetan lan egiten duten pertsona guztien osasuna zaintzen jarraitzen du. Martxoaz geroztik, garbiketa eta desinfekzio lanak areagotzeaz gain, Covid-19aren aurreko garbiketa eta desinfekzio protokolo bereziak ezarri dira, berezko baliabideekin pabiloi, kai, bide, leku komun eta abarretan, birusaren transmisioa prebenitzeko. Argotek dioenez, “Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen dituen gomendio eta betebehar guztiak jarraitzen ditugu, bai modu kolektiboan bai pertsonalean. Egunero azpimarratzen ditugu neurriak, batez ere, maskara nahitaez erabili behar dela, ahal den guztietan pertsonen arteko distantziak gorde behar direla eta bilerak talde txikietan egin behar direla. Gainera, korridoreetan oztopoak sortzen dituen generorik ez egotea eskatzen dugu, pertsonak hobeto igaro daitezen”.

Azaroaren 30ean izandako merkaturatze osoa

2020ko azaroaren 30eko merkaturatze datuak 235.016 tonakoak dira guztira, 2019ko aldi berean baino nabarmen handiagoak; izan ere, 5.383 tona gehiago saldu dira fruta eta barazkien sektorean, 214.449 tonara helduz. Igoera hori, batez ere, herritarrek hasierako konfinamenduan eta ondorengo hilabeteetan gertuko fruta-denden alde egindako apustuak eragin du.

Aitzitik, arrainen eta itsaskien sektorean merkaturatzeak behera egin du eta 20.566 tonakoa da, batez ere Covid-19ak eragindako osasun krisia dela-eta ostalaritza itxi egin delako. Hala ere, jaitsiera zertxobait moteldu da, auzoko arrandegietako kontsumoa handitu egin delako.

Sektoreko garai indartsuenei dagokienez, martxoa, ekaina eta azaroa izan dira lurreko produktuen salmenta handieneko hilabeteak, abenduko datuen faltan. Ildo beretik, itsasoko elikagaiei dagokienez, ekaina eta iraila nabarmentzen dira, gehien saltzen diren hilabeteak izan baitira.

Betiko zaporerik onena

Jarduera hori guztia ez litzateke posible izango Mercabilbaon lan egiten duten pertsonen lanik barik, operadoreak, jarduera osagarrien eremuan, merkataritzako gunean, (eta) bulegoetan ari direnak eta garbitzaileak. Azpiegitura horrek 553.118 ibilgailu hartu ditu aurtengo azaroaren 30era arte, eta Gabonetan modu berezian areagotuko da arrainen eta itsaskien sektorean.

Mercabilbaok 13 hektarea inguruko azalera du, eta bertan mila langile baino gehiago dituzten ehun enpresatik gora ari dira lanean. Hori guztia, Mercabilbaoko instalazioetan lanean ari diren enpresek biltzen duten jardueraren eta esperientzia handiaren isla da.

Are gehiago, arrainen pabiloiak, produktuen kalitatea bermatzen duten azterketak egunero egiten dituen osasun ikuskapeneko laborategia du.

Laburbilduz, gaur egun, euren produktuak instalazio hauetan hartzen dituzten jatetxeek, ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek, ondo baino hobeto ezagutzen dute Mercabilbaoren, iparraldeko janaritegi handienaren, kalitatearen, elikagai segurtasunaren eta betiko zapore onenaren sekretua. Gure goiburuak esaten duen bezala, “gertu erosita urrutira helduko gata”.

 

Prentsa oharra deskargatu

Nabarmendutako gaurkotasuna

Albistea

Mercabilbaok Wifi sarea zabaldu du bere instalazioetan

Gehiago irakurri

Iragarki ofiziala

Ezohizko Bazkide Batzar Orokorra

Gehiago irakurri

Prentsa oharra

MERCABILBAOK 2020AN DATU HISTORIKOAK LORTZEA AURREIKUSTEN DU, ABENDU HONETAN 22.000 TONA MERKATURATUZ

Gehiago irakurri

Urteko txostena

2019 urteko txostena

Deskargatu

Sartu bideoen atalera

Ikusi bideoak

Argitalpena

2019 urteko txostena

Deskargatu

Norberaren cookieak, hirugarrenenak eta nabigazio-ohiturak aztertzekoak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko informazioa biltzeko Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien instalazioa onartzen duzu. Cookieak konfiguratu ditzakezu zure nabigatzailean, baina horrek nabigatzeko zailtasunak eragin ditzake webgunean.

Nola konfiguratu Onartu