Prentsa eta argitalpenak | Prentsa-oharrak

Prentsa-oharrak

MERCABILBAOK 2020AN SORTUTAKO HONDAKIN GUZTIEN %41 BIRZIKLATU DU

Mercabilbaok aurrera jarraitzen du ingurumena modu arduratsuan eta errespetuz kudeatzeko konpromisoarekin, hondakinak gaika biltzeko estrategia eraginkorren bitartez, birziklatze-kuota handitu ahal izateko. Horrela, 2020ko urtarriletik irailera bitartean, sortzen diren hondakin guztien birziklatzearen ehuneko osoa %41ekoa izan zen, azken urteetako datuen aurrean goranzko joera erakusten duen datua. Guztira, Elikagaien Unitateko Garbiketa eta Bilketa Zerbitzuak 2.890,341 tona hondakin kudeatu zituen (2019ko epe berean baino %4,35 gutxiago), eta horietatik 1.190,4 tona ondoren birziklatzeko gaika bil daitezkeen hondakinei dagozkie (2019an baino %5,9 gehiago).

Mercabilbaon baloriza daitezkeen hondakinen artean, nabarmentzekoak dira fruta eta barazkietako materia organikoa 514,9 tonarekin (%17,8) eta egurra 510,6 tonarekin (%17,65), arrainen eta itsaskien hondakin organikoak 84,8 tonarekin (%2,9), papera eta kartoia 72,8 tonarekin (%2,5) eta poliestirenoa 7,6 tonarekin (%0,2).

Materia organikoaren bilketari dagokionez, nabarmentzekoa da COVID-19ak eragindako osasun egoerak aurreko urteetan sortzen ari zen joera aldatu duela. Hala, urtarrila eta iraila bitartean frutari eta barazkiei dagokienez, balorizatu daitezkeen hondakinak %32,4 igo dira (ohi baino ehuneko handiagoa) 2019ko aldi berarekin alderatuta. Martxoa eta apirila nabarmendu behar dira, sektore horretan merkantziak ugaritu egin direlako, konfinamendu aldian lurreko produktu gehiago kontsumitzeagatik.

Arrain eta itsaskietako materia organikoaren kasuan, datuek erakusten dute %23,3ko beherakada izan dela ondoren birziklatzeko jaso diren hondakinen bilketan, antxoaren kosteraren atzerapenak eta egungo osasun krisiaren lehen hilabeteetan ostalaritza ixteak eragindako merkaturatze txikiagoaren ondorioz.

Ildo horretan, hondakin guztien bolumena %4,35 jaitsi da 2020ko urtarrila eta iraila bitartean, iazko aldi berarekin alderatuta, egungo osasun egoerak eragindako ondorioak direla eta (lehen aipatutako arrainak eta itsaskiak, adibidez), eta baita itsas sektoretik eratorritako hondakinak ere, poliespana edo egurra, besteak beste.

Errefusari, gaika biltzen ez denari, dagokionez, orain arte 2020an 1.699,9 tona kudeatu dira, iaz baino %10,4 gutxiago. Datu positiboa da, helburua kopuru horiek murriztea baita, hondakin birziklagarrien kuota handiagoarekin. Gaur egun, oraindik ere baloriza daitekeen materia bolumen handia botatzen da masan biltzeko ontzietara, eta, ondorioz, ezin da birziklatzeko berreskuratu.

Mercabilbaok 180 edukiontziz, 9 kaiolaz eta 4 ibilgailuz hornitu ditu bere instalazioak puntu estrategikoetan, gaikako bilketarako eta hondakinen errefusa biltzeko. Balorizagarriak Berdegunera eramaten dira, eta han zentralizatzen dira hondakinak zatiki desberdinetan bereizteko lanak, ondoren kudeatzaile baimendu bati helarazteko. Lan hori guztia egunero egiten du Merkatuko Garbiketa eta Bilketa Zerbitzuak, Mercabilbao osatzen duen kolektibo osoaren lana errazteko.

Elikagaien Unitatearen ildo estrategikoetako bat hondakinak biltzeko sistema hobetzen jarraitzea da, bai baloriza daitezkeen hondakinei, bai errefusari dagokienez, ingurumenarekiko gero eta jasangarriagoa eta arduratsuagoa den merkaturantz aurrera egiteko konpromisoaren barruan. Ekintza horiek aurrera eramateko sistema egokiak kudeatzeaz gain, Mercabilbaok handizkako enpresei zuzendutako kontzientziazio-kanpainak azpimarratzen ditu, arlo horretan egunero egiten duen lana ezinbestekoa baita emaitza hobeak lortzeko.

Prentsa oharra deskargatu

MERCABILBAOK BERRIZTATU EGIN DITU KALITATE ETA INGURUMEN KUDEAKETA AURRERATUA BERMATZEN DUTEN ISO 9001 ETA 14001 ZIURTAGIRIAK

Etengabeko hobekuntzarako bidean, Mercabilbaok berriztatu egin ditu ISO 9001 eta 14001 ziurtagiriak. Horrek Kalitate eta Ingurumen kudeaketaren balioa frogatzen du eta Elikadura Unitateak handizkarien, txikizkarien, langileen eta gizarte osoaren gogobetetzea lortzeko duen konpromisoa erakusten du.

Ziurtagiriak, duela denbora gutxi elikagaien banaketarako zentroan egindako auditoretza eta ebaluazio prozesu zorrotzaren ondoren heldu dira. Prozesu horretan erakusten denez, estandarrak modu egokian eta arauarekin bat etorriz daude inplementatuta Iberiar penintsulako iparraldean erreferentea den elikagaien banaketarako zentroan.

Kalitatea Kudeatzeko ISO 9001 Ziurtagiriari dagokionez, kudeaketa sistemen integrazioari onurak ekartzen dizkioten aldaketak nabarmentzen dira. Aurrerapen horiek are gehiago azpimarratzen dituzte prozesuetan oinarritutako ikuspegia, zerbitzuetako enpresei aplika dakiekeen lengoaia, eta goi-zuzendaritzaren zeregina eta kudeaketa sistemarekin izan behar duen konpromisoa nabarmentzen dituen lidergoaren kontzeptua. Bestalde, garrantzi handiagoa ematen zaie kanporatutako prozesuei, hornitzaileen kudeaketaren eta ebaluazioaren kontzeptua zabalduz, eta, ondorioz, informazio dokumentatuaren kontzeptua sortzen da, eta dokumentu eta erregistro terminoak desagertu egiten dira.

Ingurumena Kudeatzeko ISO 14001 ziurtagiria berritzeari dagokionez, Mercabilbaok ingurumenarekin duen konpromiso irmoa nabarmendu behar da, hondakinak biltzeko, birziklatzeko eta garbiketa zerbitzurako 10 urte baino gehiagoz ezarritako prozesuen bitartez. Horiek guztiek, instalazioen eta ingurunearen higiene eta osasun baldintza onenak bermatzen dituzte.

Hainbat puntu nabarmentzen dira: antolaketa eta testuingurua eta alderdi interesdunen beharrak eta itxaropenak ulertzea.

2019an, Mercabilbaok, Euskalitek, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Kalitaterako Euskal Fundazioak, ematen duen Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren Zilarrezko A lortu zuen. Sari horrek lehiakortasunerako funtsezko elementu gisa onartzen zituen instalazioetan ezarritako kudeaketa aurreratuko sistemak.

Prentsa oharra deskargatu

MERCABILBAO MERKATURATUTAKO 135.568 TONARA HELDU DA URTEKO LEHENENGO SEIHILEKOAN

Mercabilbao sozietate publikoak ekitaldiaren erdiaren balantze positiboa egin du. 2020ko urtarriletik ekainera 135.568 tona merkaturatu ditu guztira, iazko epealdi berean baino %2,4 gehiago. Bizkaiko elikadura sektore galkorraren motor ekonomikoaren arduradunak pozik agertu dira zifra horiek ikusita. Izan ere, COVID-19ak sortutako osasun krisia eta azken hilabeteetan ezarri diren neurriak gorabehera, “despentsa” handi horren bilakaerak gorantz jarraitzen du.

Sektoreka, frutek eta barazkiek jarraitzen dute salmenta gehien sortzen, 124.239 tona guztira, hau da, 2019an baino %3,3 gehiago. Igoera hori, herritarrek gertuko saltokien alde egin duten apustuak eragin du batez ere. Saltoki horiek kalitatezko produktu freskoen mailei eusten jarraitu dute. Azpimarratzekoa da laranja, platanoa eta sagarra direla urtearen erdian gehien saldu diren frutak. Ortuarien kasuan, tomatea, lekak eta piperrak azpimarratu behar dira.

Arrainei dagokienez, aipatutako epealdian 11.328 tona merkaturatu dira epealdi horretan, 2019an baino %1,3 gutxiago. Atzerapen txiki hori antxoaren kosterak eta COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz ostalaritza itxita egoteak eragin du. Hala ere, auzoko arrandegietan egin den kontsumoak jaitsiera hori pixka bat murriztu du.

Uda, hezurdun fruta freskagarriaren garaia

Uda garai betean, fruta eskari gehien duen produktuetakoa bilakatzen da, eta gure auzoetako fruta-dendak “hezurdun fruta” izenekoaz eta udako beste tipiko batzuez betetzen dira. Mercabilbaoko produktu arrakastatsuenak melokotoia, nektarina, paraguaioa, meloia, sandia eta udako makatzak dira.

Arrainaren kasuan, sasoi betean, hegaluzea nabarmentzen da. Bere zaporearengatik eta kalitatearengatik, arrandegietako protagonista da, zalantza barik.

 

Prentsa oharra deskargatu

MERCABILBAOK BERE FUNTZIONATZEKO EREDUA ALDATU DU FRUTA ETA BARAZKI ARLOKO TXIKIZKARIEN ESKAEREI ERANTZUTEKO

Igandetik, maiatzaren 24tik, aurrera, Mercabilbaok beste funtziontzako eredu bat jarriko du martxan, fruten eta barazkien sektoreko txikizkarien kolektiboaren eskaerei erantzuteko eta, aldi berean, Euskadiko agintariek ezarritako osasun eta segurtasun betebeharrak betetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Basauriko Udaltzaingoa eta Mercabilbao ados jarrita, fruten eta barazkien erosleentzat indarrean jarriko diren kontrol neurriak hauek izango dira:

  • Txikizkarien ibilgailuen matrikula bikoitien/bakoitian sistemaren bidez sartzeko txandak antolatuko dira, instalazioetara sartzeko ordua aldez aurretik jakin ahal izateko.
  • Edukiera handituko da txikizkarien ibilgailuen sarbiderako ezarritako parametroak bete ahal izateko. Txanda bakoitzeko 150 ibilgailutik 225era pasatuko da.
  • Erosteko denbora ordubetetik ordu eta erdira luzatuko da.

Horrela, Elikagaien Unitateak instalazioetara sartzeko txanda bakoitzean itxaronaldiak eta ibilgailu kopurua murriztea aurreikusten du, eta horrek merkatuan egunez egun lan egiten duten pertsona guztien antolaketa eta lana erraztuko du. Gainera, agintariek eskatzen duten bezala, zenbait instalazio Basauriko herritarrek erabiltzeko egokitu ahal izango dira, orain arte disuasio-gune moduan erabiltzen ziren Basauriko Udal Kiroldegiko aparkalekuak, eta Artunduagako errepidearen bazterbidea, besteak beste. Era berean, A8 autopista kolapsatzea saihestuko da, ibilgailuen zirkulazioa berriro normalizatzen ari baita.

Arrainaren sektorearen kasuan, hornikuntzako merkatura sartzeko operatiboak egungo funtzionamenduarekin jarraituko du. Izan ere, salmenta sistema modu desberdinean egiten da, malgutasun handiagoa ahalbidetzen du, kopurua txikiagoa delako eta orain arte normaltasunez funtzionatu duelako.

Era berean, Mercabilbaok gogorarazi gura du indarrean jarraitzen dutela orain bi hilabete baino gehiagotik merkatuan egunero lan egiten duten pertsonen osasuna bermatzeko ezarritako osasuneko eta segurtasuneko neurriek (eguneratzen dira):

  • Handizkarien eta Fruten eta Ortuarien txikizkarien elkarteekin adostutako ordutegiak orain arte bezala jarraituko du: astelehenetik ostiralera, 05:30etatik aurrera. Arrainaren eta itsaskiaren sektoreari dagokionez, 04:30etatik aurrera izango da sarrera, salmenta-postuak zabaltzen diren orduan, hain zuzen ere.
  • Modu uniformean, salmenta postuak balizatuta egon behar dute 2 metroko banaketa ezarriko duten bi lerrorekin, eroslearen eta saltzailearen artean gutxienez 2 metroko tartea bermatuz.
  • Merkantziak postu bakoitzaren atzeko ateetatik aterako dira.
  • 2 metroko zabalera duen igarobidea pertsonak ibili daitezen mugatzen da, ez merkantziak eramateko. Igarobideak kontrolatzeko neurriek orain arte bezala jarraituko dute.
  • Salmenta postuetan saltzaileak egongo dira. Erosleak sartzekotan, pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatzen bada baino ezin izango dira sartu.
  • Erosleak, oro har, banaketa lerroaren atzean egon beharko dira, eta euren artean ezarritako segurtasun-tartea errespetatu beharko dute, eta, beharrezkoa bada, hutsik dauden igarobideetan ilarak egingo dituzte.
  • Gaur egun, derrigorrezkoa da maskarak erabiltzea, erabilera publikoko espazio itxia delako. Enpresa handizkarietako langileei norbera babesteko gainerako ekipamendua erabiltzea gomendatzen zaie.
  • Mercabilbaora sartzeko errepidean zain dauden ibilgailuen egonaldia mugatu egingo da. Ibilgailuen eta pertsonen kontzentrazioak saihesteko, sartzeko ordua baino ordu laurden lehenago soilik iritsi ahal izango da. Ordu hori desberdina izango da frutaren eta arrainaren sektorerako.
  • Mercabilbaoko enpresetako langileentzat sarbide espezifikoa ezarriko da, garraiolariak eta erosleak ez oztopatzeko.
  • Neurri guztiak ez betetzeagatik zigorrak jarriko direla ohartarazten da, pabiloien barruan eta barruti osoan denbora amaitu ondoren ez joateagatik, edo merkatuko instalazioen kanpoaldean sartzeko 15 minutu baino gehiago itxaroteagatik.

Mercabilbaok gogorarazi gura du, gainera, neurriak betetzeko erantzukizuna salmenta postuen enpresa titularrena dela, pertsonen, langileen eta erosleen banakako erantzukizuna ahaztu barik.

Mercabilbaok Merkatuaren funtzionamendu hobea errazten duten zenbait iradokizun ere gogorarazi gura ditu:

  • Saltoki guztietarako adina genero dago; beraz, txikizkariak ezarritako orduan joan daitezke eta, horrela, instalazioen sarreran eta kanpoaldean pilaketak saihestu.
  • Erosketekin erlazionatutako kudeaketak bitarteko telematikoen bidez egitea, Mercabilbaora aurretik itxitako eskaerak jasotzera bakarrik joanda, horrela presentzia fisikoa murriztuz.
  • Transakzioetan eskudirua ez erabiltzea, birusa ez transmititzeko.

Mercabilbaotik, edozein neurri murriztaile ez dela atsegina jakinda, pazientzia eta ulermena eskatzen jarraitzen dugu, herritar guztien osasunari eragiten dion salbuespenezko egoeran gaudela kontuan izanda; izan ere, orain arte emaitza onak eman ditu, eta ezin gara lasaitu.

Prentsa oharra deskargatu

MERCABILBAOK 253.700 TONA BAINO GEHIAGO MERKATURATU DITU 2019AN

Gero eta merkatu-eredu iraunkorragoa bermatuko duen 2018-2021 Plan Estrategikoaren barruan, 2019ko ekitaldiaren amaieran, Mercabilbaok merkaturatze bolumenari eutsi zion, eta guztira 253.735 tona merkaturatu zituen.

2019ko jardueraren balantzea gaur goizean aurkeztu da modu telematikoan egin den Batzar Nagusian. Bertan, Gobernu Kontseiluko kide guztiak elkartu dira, Kontseiluko presidentea, Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea, buru dela.

Sektoreka, fruten eta barazkien salmentak gora egiten jarraitzen du, eta 227.529 tonako merkaturatze bolumena lortu du, aurreko ekitaldean baino %1 gehiago. Frutetan, laranjaren (35.176 tona), platanoaren (25.039 tona) eta sagarraren (21.105 tona) salmenta nabarmendu zen. Barazkietan berriz, patataren (15.881 tona), tomatearen (16.059 tona) eta tipularen (5.068) salmenta nabarmendu zen. Iaz merkaturatutako fruta eta barazkietatik, gehienak estatuan zuten jatorria (%86 inguru), eta gainerakoak inportatuak izan ziren.

Bestalde, arrainen, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen merkatuak, guztira 24.355 tona batu zituen, hau da, 2018an baino %4,32 gutxiago. Atzerakada honen arrazoia arrain freskoaren eta izoztuaren merkaturatzeak behera egin duela da. Horrez gain, herritarren erosteko eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin dira.

Itsaskiaren komertzializazioak berriz, apur bat gora egin du iazkoarekin alderatuta. Aipatzekoa da, Bizkaiko Golkoko portuak arrain freskoaren hornitzaile nagusiak direla oraindik, eta atzetik, Galizia dator. Galiziako portuak dira itsaski gehien hornitzen dutenak.

Fruten eta barazkien, arrainaren, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen sektoreetako prezioek aurreko urteetakoen antzera jarraitzen dute.

Elikadura orokorreko produktuak, arrautzak, haragiak, esnekiak eta elikadura oro har, biltzen dituen balio anitzeko sektoreari dagokionez, 1.851 tona bildu zituen, aurreko urteetako kopuruak nabarmen jaitsiz, banaketa-lanak egiten dituzten biltegi batzuen jarduera aldaketaren ondorioz, batez ere.

Mercabilbao modu formalean sortu zenetik 50 urte baino gehiago igaro ondoren, gaur egun merkatuan mila pertsona baino gehiagok egiten dute lan, ia %100eko okupazioa du eta ehun enpresa baino gehiago ari dira lanean merkatuak hartzen dituen 13 hektareatan. 2019ko abenduaren 31ko datarekin, Elikagaien Unitateak 639.000 ibilgailu jaso ditu.

Kudeaketa Aurreratuaren adibide

Mercabilbaok aurrera jarraitzen du gero eta jasangarriagoa den merkaturantz gizarte balioetan. 2019an, Euskalitek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kalitatearen Euskal Fundazioak, ematen duen Kudeaketa Aurreratuaren Zilarrezko A jaso zuen. Elikagaien Unitateak kalitatezko produktu freskoen eta eratorrien merkaturatze eta logistika zerbitzu integralean egiten dituen kudeaketa-jardunbide aurreratuen aintzatespena da. Lan hori, elikagaien segurtasuna eta merkatuen lehia kontsumitzaileen mesedetan bermatzen duten azpiegituren bitartez egiten da.

Beste urte batez, 2018-2021 Plan Estrategikoarekin bat etorriz, Mercabilbaok gizartearekin eta ingurunearekin duen konpromisoa nabarmendu behar da: hondakinen kudeaketa eta ontzien berrerabilera Ibarreta 2000ren eskutik.  2019an, sortu ziren hondakinen %37,43 birziklatu zen; iraungitzea hurbil izatearen ondorioz baztertutako produktuak murriztu ziren, enpresa operadoreek Elikagaien Bankuari 476,49 tona entregatuz; arrainari, frutari eta barazkiei buruzko 88 tailer sentsorial egin ziren Bizkaiko 1.804 ikasle baino gehiagorekin; ekitaldi gastronomikoekin, elkarteekin eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetza egin zen; eta “5 al día Fundazioarekin” ere elkarlanean aritu zen, fruta eta barazki freskoak egunero kontsumitzea sustatzeko.

“Jaten duguna garelako. Gertu erosita, urrun helduko gara”. Premisa horrekin, elikagaien banaketa katean eta Bilboko eta inguruetako ekonomia eta gizarte sustatzaile moduan erreferentziazko eragile gisa, Mercabilbaok tokiko merkataritzaren aldeko apustu sendoa berriztatu zuen 2019an. Kanpaina horren bitartez, banaketa merkatuak agerian uzten du gertuko merkataritza arduratsuaren garrantzia. Izan ere, egunero kalitatezko produktu gozo eta osasungarriak eskaintzen ditu, Elikadura Unitatean lan egiten duten enpresa guztien berme zigiluarekin. Etorkizuneko Mercabilbaori, hiribilduaren eta bere inguruaren eraldaketa ekonomikoa eta soziala sustatzeko gai den zerbitzu enpresa publikoari, begirada bat.

Aldi berean, hainbat mantentze eta hobekuntza ekintza egiten jarraitu da, hauek, besteak beste: asfaltoaren konponketa fruta pabiloien eta erabilera anitzeko pabiloiaren inguruan; merkataritza pabiloiko eta erabilera anitzeko pabilioiko teilatuak berritzea, txingor-zaparrada baten ondorioz kalteak jasan zituztelako; erabilerarengatik kaltetuta dauden erabilera anitzeko pabilioiko kutxatila guztiak aldatzea; erabilera anitzeko pabiloiko nasa konpontzea eta sendotzea, sarrera nagusian TPV bat instalatzea txartelarekin ordaintzeko; pasealekuaren ondoko erreiaren zirkulazioaren fluxua berrantolatzea, Frio Bilbaotik lurpeko garajeraino; horri esker, aparkatzeko partzela gehiago lortu dira eta kamioiei maniobrak errazten zaizkie, besteak beste.

Memoria osoa helbide honetan: www.mercabilbao.eus

Prentsa oharra deskargatu

BIZKAIKO ELIKAGAIEN BANKUAK APIRILAREN 21EAN EKINGO DIO BERRIRO MERCABILBAOKO BILTEGIAN EGITEN DUEN JARDUERARI

Bizkaiko Elikagaien Bankuak apirilaren 21ean, asteartean, ekingo dio berriro Mercabilbaoko instalazioetan duen biltegiko jarduerari, azken asteetan itxita egon ondoren, COVID-19aren pandemiaren aurrean ezarritako konfinamenduaren ondorioz. 08:00etatik aurrera, 7 boluntario soberan geratu diren elikagaiak biltzeaz eta ondoren sailkatzeaz arduratuko dira, behar gehien duten pertsonen artean banatzeko.

Azken egunetan, Elkarteari utzitako lokala desinfektatzeko protokoloa jarri du martxan Mercabilbaok, gaur egun ezarritako osasun arloko segurtasun neurriak betetzeko eta boluntario taldearen osasuna babesteko. Horrela, Bizkaiko Elikagaien Bankuko biltegia desinfektatzeko lanak martxoaren 15etik hornidura-merkatuko instalazio guztietan zorrotz ezarritakoei gehitu zaizkie.

Datorren apirilaren 21etik aurrera, Bizkaiko Elikagaien Bankua izango da berriro ere handizkako enpresen elikagai-soberakinak jasotzeko gune nagusia; izan ere, elkarteko boluntarioek sailkatu ondoren, arinago banatzen dira ohiko jomugen artean, jantoki sozialetan eta laguntza-zentroetan, besteak beste.

Konfinamendu aldian, Bizkaiko Elikagaien Bankuak bere gainerako egoitzetatik banatu ditu martxorako eta apirilerako aurreikusitako elikagai guztiak. Gainera, gaur egun, osasun alarmaren ondorioz diru-sarrerarik gabe geratu diren pertsonen larrialdi sozialak artatzen dituzte. Beraz, Mercabilbaoko biltegia irekitzea ezinbesteko eta funtsezko ekintza da premia handiena duten pertsona guztiei elikagaiak eramaten jarraitu ahal izateko.

Prentsa oharra deskargatu

Nabarmendutako gaurkotasuna

Albistea

Mercabilbaok Wifi sarea zabaldu du bere instalazioetan

Gehiago irakurri

Iragarki ofiziala

Ezohizko Bazkide Batzar Orokorra

Gehiago irakurri

Prentsa oharra

MERCABILBAOK 2020AN SORTUTAKO HONDAKIN GUZTIEN %41 BIRZIKLATU DU

Gehiago irakurri

Urteko txostena

2019 urteko txostena

Deskargatu

Sartu bideoen atalera

Ikusi bideoak

Argitalpena

2019 urteko txostena

Deskargatu

Norberaren cookieak, hirugarrenenak eta nabigazio-ohiturak aztertzekoak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko informazioa biltzeko Nabigatzen jarraitzen baduzu, haien instalazioa onartzen duzu. Cookieak konfiguratu ditzakezu zure nabigatzailean, baina horrek nabigatzeko zailtasunak eragin ditzake webgunean.

Nola konfiguratu Onartu